Basquetour: BTT Euskadi

VI Marcha BTT Debabarrena - 2014/10/22

Itzuli

 

Beste urte batez, mendi bizikleta zaleek aparteko egunaz gozatu ahal izan zuten Elgoibarren, Debabarreneko BTT Martxaren seigarren edizioan. 373 lagun elkartu ziren goizean goiz Mintxeta Kirolgunean. Jan-edanik ez zen falta izan, beroari eta malda gogorrei aurre egin ahal izateko, eta proba amaitutakoan 40 oparitik gora zozkatu ziren parte-hartzaile guztien artean.

Eibar / 2014.10.20.-
Pasa den igandean, hilak 19, giro aparta izan zen Debabarreneko mendi bizikleta martxaren seigarren edizioan. Goizean goizetik txirrindularien joan-etorria nabarmena zen Elgoibarren. Izan ere, 373 lagun batu ziren Mintxeta Kirolgunean bizikleta zaleentzat dagoeneko saihestezina bihurtu den BTT Martxan parte hartzeko gogoz.

Jatorriari dagokionez, parte-hartzaile gehientsuenak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izan ziren, horietako asko eskualdekoak, baina beste leku askotatik ere iritsi ziren parte-hartzaileak: Burgos (3), Asturias (2), Huesca (1), Leon (1), Errioxa (1), Tarragona (1) eta Zamora (1). Frantziatik ere, Essonne departamentutik, bizikleta zale bat etorri zen.

Goizeko 9:00etan eman zitzaion hasiera probari. Parte-hartzaileek bi ibilbide zituzten aukeran, bata 25 kilometrokoa eta bestea 45 kilometrokoa, Karakate mendia igaroz biak. Ibilbidea urte batetik bestera zertxobait aldatzen da eta aurten bizikleta zaleek sorpresatxoa zuten amaiera aldera, Karakatetik Mintxetara jaitsiera tekniko zail samarra baina ederra, pagadi artean, gozatzeko modukoa. Ibilbidea lehor eta lokatzik gabe aukitu zuten parte-hartzaileek eta goiza aparteko gertakari aipagarririk gabe igaro zen, erorketarik ez, baina gurpilen bat edo beste zulatu zen.

Gainera, jan-edanik ez zen falta izan. Urtero bezala, 3 anoa postu ipini ziren ibilbidean zehar eta laugarren bat helmuga puntuan, Mintxeta Kirolgunean. Halaber, Eibarko CDR bizikleta dendari esker, laguntza teknikorako guneak ere jarri ziren.


Behin proba amaituta, sarien banaketa egin zen. Parte-hartzaile guztien artean 44 opari zozkatu ziren, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei esker: asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak...

Boluntarioei esker ona
Antolatzaileek, Debegesa garapen agentziak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, bizikleta zaleen parte-hartzea eskertzeaz gainera, boluntarioen lan ikaragarria txalotu nahi izan dute. Urtez urte, 50 inguru boluntario izaten dira lanean Debabarreneko BTT Martxa arrakastatsua izan dadin eta horiei guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: Elgoibarko Atletismo Kluba, Kisale, Bikeibar, Ameikutz, Debemen, eta beste hainbat lagun eta bizikleta zaleei.

Itzuli


info@btteuskadi.net © Eskubide guztiak Basquetouri erreserbatuta